Sans soleil
Gonbidatua: Ernesto del Rio (zuzendaria eta ZINEBIren zuzendari ohia)
Sans soleil, dokumental erako saiakera-film bat da. Saio zertxobait esperimentala izaten da saiakera bat, eta, hortaz, ez dago oso egituratua.
Kasu honetan, egokiagoa da esatea egitura ez lineal bat duela, eta bide bihurgunetsu bat egiten duela, saihesbide ugarirekin.
Emakumezko ahots batek gutun batzuk irakurtzen ditu, alegiazko pertsonaia batek igorririko gutunak; kamarografoa da pertsonaia hori; zenbait lekutan ibiliko da, eta gauzak gertatuko zaizkio. Sans soleilen izenari dagokionez, Modesto Mussorgskyri hartua da, ahotsarekin eta pianorik gabe kantatzeko pentsatua den kantu ziklo batetik.
Film honetan, muntatzaile eta argazkilari bikaina dela erakusten du Marker-ek, eta originaltasun eta ikusmira handiko pentsalaria. Zenbait material erabiltzen ditu (batzuetan, irudi mutuak, edo testua baino gehiago ikusmena eskatzen dutenak), eta zenbait kontu filosofiko planteatzen ditu memoriarekin eta oroimenarekin ikustekoak dutenak: tren bat, lotan doazen bidaiariekin, bakoitza amets on edo gaizto batekin; Pearl Harbourko erasoaren gaineko erreportajea; San Frantziskon, Hitchcocken “Bertigo” filmaren kokalekuen atzetik; eta Japonian, Tokioko horma-irudien analisia, komikiena eraikinena, estatuena, neoiena, telebistako programena, bideo jokoena...
Litekeena da irudiak elkarrekin zerikusirik ez izatea, esanahi orokorrik ez izatea; gehiago dira iradokitzaileak, arrazoimenez eta kontzientziaz atzematekoak baino.