top of page
Image-empty-state.png

Que Horas Ela Volta?

«Mugarik gabeko Ekonomilariak» eta «Ekonomisten Euskal Elkargoa»-rekin elkarlanean saioa


Eztabaida: Emilia Laura Arias, Pikara Magazineko kazetaria: “El camino hacia una economía de los cuidados”


Berlinen saritua eta Sundanceko zinemalditik isiltasunez gure pantailetara iritsi zaigun brasildar filma hau gutxitan iristen zaigun Latinoamerikako zinematografiako eredu da. Fikziozko istorio erakargarri bat baina errealitatean sendo oinarritutako lana. Azken urteotan noizean behin aukera izaten dugu kontinente hartako adibideak ikusteko aukera, eta Donostia Zinemaldiko “Horizontes Latinos” sailari gainbegiratu bat botatzen badiogu erreferentzia modura, 2003an hasi zenetik gaurdaino, pasa diren filmen estreinaldiak urriak izan dira oso. Horrela, azken urteotan saileko lehen saria lortu zuten gehienak ikusteko aukera Zinemaldiko egunetan bakarrik izan dugu nahiz eta baten bat gure aretoetara iritsi den (iazko sariduna Güeros, 2015eko maiatzan estreinatu zen ).


Anna Muylaert zuzendari eta gidoilariak bere laugarren filmarako gaur egungo Lula-ondorengo Brasilgo istorio arrunt bat aukeratu du, São Pauloko dirudun familia baterako zerbitzari eta haur-zaintzaile moduan lan egiten duen Val emakumearena. Urte askoz egoera beti berdina izan da, ikusgarri eta modernoa den etxean nagusiek Vali behar duten guztia eskatzen diote, familiako semea den Fabinho bigarren ama bat bezala hezitu du (hortik filmaren itzulpenezko izenburua) bakoitza bere lekua mantenduz, zerbitzaria beti atzetik. Sinbolikoki belaunaldiz belaunaldi aldatu gabe egon den gizarte egoera hau iraulduko da Valen alaba, Jessica, Brasilgo iparraldean ia 15 urtez ama ikusi gabe hezitu dena, São Paulon agertzen denean Unibertsitateko hautaproba prestatzeko. Nagusien etxean geldituko da bere amak beste leku bat bilatu arte, baina Jessicak Valen egoera ez du onartzen eta etxearen bazter guztiak irabazten joango da, etxeko andrearen egonezina bideratuz eta jaunaren erakarpena sortaraziz. Baita etxeko seme Fabinhoren lekua hartzen joango da eta oso sinbolikoa da igerilekuan bera eta lagun batekin sartzen denean jolastera (Valek debekua argi ikusten du, bere alabak berriz, ez) edo Unibertsitateko hautaproba Jessicak gainditzen duenean eta Fabinhok ez. Filmaren unerik hoberenak klase borroka islatzen dutenak dira, eta hor zuzendariak era egokian eszenaratzen ditu: Val sukaldeko atearen atzetik bizi ditu beste aldean (aberatsenen munduan) gertatzen direnak, Jessicak bestalde, ate hori oso errez gainditzen du, adibidez gosarian etxeko andreak zerbitzatzen dionean; edo beste une sinboliko bat agertzen da etxeko jaunak (nagi samarra bera) Jessicari ezkontzeko eskatzen dioenean eta neskak betiko rola alde batera utziz (belaunaldiz belaunaldi ikusi dugu filmetan aberatsak zerbitzarien esplotazio jarraitua, sexuala barne) ezetz esaten dio. Anna Muylaertek ondo bideratu nahi du klase arteko borroka aldi berri batean dagoela Brasilen eta Lula ondorengoko gizarte berriak ez duela onartu behar betidanik egon diren mailaketak. Sinbolikoki une onak ditu filmak, baina askotan errezegi edo sinpleki agertarazten direnak dira eta horrek ez du sakonera gehiegirik bideratzen. Muylaerten asmoak argiegiak iruditzen zaizkigu batzutan eta filma ideologiko baten kutsua ematen dio, baina horrelako filmak gure pantailetan ikusteko aukera urria izateak lana aintzat hartzea bideratzen gaitu.


Aktoreen lana ere azpimarratzekoa da baina batez ere Regina Casé aktoresarena, Valen papera egiten duena, errealismoz betetzen baitu zerbitzari eta inudea, bere lotsak, beldurrak, pozak eta ilusioak agertuz era bikainean. Bere bi eszena goraipatzekoak dira, Una segunda madre/Que Horas Ela Volta-ri hasiera eta bukaera ematen diotenak, dena nagusien etxeko igerilekua leku sinboliko bezala erabiliz. Hasieran (eta filman zehar) Val igerilekuaren inguruan dabil, Fabinho haurra denetik zaintzen, bere ama izango balitz bezala, eta bukaeran, bere alabaren iraultza txikiaren ostean, Val igerilekuan sartzen da eta klase borrokaren aurkako ekintza bat bideratzen du. Betiko gizartearen arauak eta kateak hautsi egin daitezke. Brasilgo eta hedaduraz Latinoamerikako zinematografiako lanak ikusteko aukerak gehiagotzea zinemaren ohiko banaketaren kateak haustea ere bideratuko luke. Ea horrela den.


Zigor Etxebeste Gómez (Blog Ganorafilmak: http://www.ganorafilmak.com/).

2273 SAIOA - 2017/3/7 QUE HORAS ELA VOLTA? ∙ Brasil ∙ 2015 ∙ 108 min. Zuz.: Anna Muylaert ∙ G.: Anna Muylaert · Arg.: Bárbara Álvarez · Mnt.: Karen Harley · M.: Fabio Trummer / Vitor Araújo · Eko.: Africa Filmes / Globo Filmes / Gullane Filmes · Akt.: Regina Casé, Camila Márdila, Karine Teles, Lourenço Mutarelli
bottom of page