Mommy
Aurkezpena: Norberto Albóniga
Alargun batek 15 urteko seme arazotsuaz arduratu behar du; hark arreta falta eta hiperaktibitate arazoak dauzka. Ama-semea ondo konpontzen eta halabeharrezko elkarbizitza ahalik eta ondoen eramaten saiatuko dira. Kyla bizilagun berriaren etorrerak beren bizitzan arrastoa utziko du.
Harrigarria da Mommy filmaren zuzendariak gauza guztietarako duen gaitasuna. 25 urte bakarrik izanik, ospe handiko artista da, ez Kanada bere jaioterrian bakarrik baita kanpoan ere.
Zuzendaria izateaz gain, bere filmetako aktore izaten da sarritan, bere filmak ekoizten ditu, muntatu, jantzien diseinuaz arduratzen da, gidoiak egiten ditu eta ingeleseko azpi-tituluak ere egiten ditu. Zuzendari-lanetan dagoeneko bost filma egin ditu eta denek dute bere ezaugarri propioa; horregatik jarraitzaile ugari ditu baina baita kontrakoak ere.
Mommy filmak Die protagonistaren historia kontatzen du. Die berrogei urteko emakume alarguna da eta Steve bere semearen ardura hartzea erabakitzen du. Semeak indarkeriazko kolpeak edo erasoak izaten ditu eta hiperaktiboa da, horregatik zentro batean dago sartuta. Ideia Anaia Nagusia programa berri baten hasiera dela dirudi baina ez da horrelakorik. Filmak bikain erakusten du ama-semeak elkarri dioten maitasuna eta euren bizitzaren etapa berri honetan gainditu behar dituzten trabak eta zailtasunak handiak diren arren, maitasunaren indarrak emango die aurrera egiteko kemena.
Dolan zuzendariak kontatu nahi duen istorioa, bere zerbitzura dauden aktoreengan zentratzen da. Bigarren mailan uzten du geldiune onirikoak sartzeko eta kamera geldoaren baliabidea erabiltzeko bere modu partikularra. Horregatik, Mommy filma bere aurreko lanak baino errazagoa eta errealistagoa da. Bestalde pop musikaren gertuko klasikoak erabili ditu filmaren soinu banda osatzeko eta horietako batzuk gertakizunen barruan sartzen ditu zalantzarik gabe. Hala nola dantzaren eszena paregabean Celine Dion abeslariaren On Ne Change Pasabestiaren erritmora edo karaokeren eszenan non Steve Andrea Bocelli abeslariaren Vivo Per Lei kanta ospetsua dedikatzen dion.
Azpimarragarria da hiru aktore nagusien lan aparta: ama, semea eta Steveren irakaskuntzan laguntza eskaintzeko prest agertzen den eta komunikatzeko arazoak dituen pareko bizilaguna. Azkeneko pertsonaiaren papera egiteko Dolan zuzendariak bere aktore kutunarekin kontatu du, Suzanne Clément zein familia bitxiaren partaide izatera iritsiko den, benetan hunkigarria.
Lege bat da filmaren abiapuntua. Lege horren arabera, gurasoek Estatuaren esku utzi dezakete seme-alaben ardura haiek ardura hori hartu ezin dutenean. Hala ere, zuzendariak ez du gai horren gainean bere ikuspegia eman nahi izan eta trebetasun handiz ikuslearen esku uzten du norberak bere ondorioak har ditzan. Filmak karga sozial handia du eta hausnartzera gonbidatzen du ikuslea. Film honetan zuzendariak heldutasun handia erakusten du eta bere hurrengo filmetan heldutasun hori erakusten jarraitzea espero dugu. (Azalpena zingizango.eus web orritik hartuta)