Mes petites amoureuses
2500 Saioa
Gonb: Iñigo Ongay
Frantzia hegoaldeko herri txiki batean, Daniel, nerabezaroan sartzen ari den mutiko bat, pozik bizi da bere amonarekin. Amak, bikotekide berriarekin, Narbonara eramango du, eta han mekanikari ikasten jarriko da. Hala, helduen mundua ezagutzen joango da, eta sexualitatea ernatuko da bere baitan. Gai klasiko bat, eta topikoak iruditu ahal diren egoerak, baina hemen urduritasun eremu batera eramaten dutenak.
Bizitzaren, sexuaren eta maitasunaren arloko iniziazio istorio bat, osagai nostalgiko bat ere baduena, anekdota sail batekin kontatua.
Muntaketa kronologikoki lineala da, baina sekuentzia bakoitza kolpez amaitzen da, erabat argituta gelditu aurretik. Memoria flash txiki moduko batzuk dira, Danielen ikaskuntza prozesua erakusten digutenak, bakardadean, batzuetan asmatuz eta beste batzuetan huts eginez.
2500 SAIOA - 2023/10/10
Mes petites amoureuses · Frantzia · 1974 · 123 min
Zuz.: Jean Eustache · G.: Jean Eustache · Arg.: Néstor Almendros · Akt.: Martin Loeb, Ingrid Caven, Jaqueline Dufrane, Dionys Mascolo