top of page
Image-empty-state.png

La passion de Jeanne D'Arc

Gonb.: Joseba Lopezortega, ikus-entzunezkoen aditua.


Carl Theodor Dreyer, estilo transzendentala


XX. mendeko lehen urteetan, zinema nabarmen indartu zen Europako iparraldeko herrialdeetan. Urte horiek, besteak beste, Sjöström, Stiller eta Dreyer maisu handien sormen handieneko garaia izan zen. Azken hori zinema daniarraren pertsonaia garrantzitsua bihurtu zen eta egia espiritualak eta edertasun handiko irudiak bilatzen zituen ondare artistiko izugarria utzi zuen.


Dreyerrek ospea gorroto zuen eta ez zegoen amore emateko prest filmatzearren. Etika hori izan zen horren lan guztien oinarria. Argiitzalaren plastika islatzen da bere lanetan, eta aparteko edertasuna duten irudiak lortzen ditu horrela.


Zuzendari bezala 1918an egin zuen debuta, Præsidentenpelikularekin. Film horretan Dreyerrek argi utzi zuen oso goiz aurpegien lehen planoak menderatzen zituela, horien bidez ondo baino hobeto erakusten baitzuen pertsonaien barne mundua. 1920an bere lehen lan handia, Blade of Satans Bog, egin zuen, eta bere ibilbide pertsonal, independente eta bikainari ekin zion horrela. Gero: Prästänkan (1920), Die Gezeichneten (1921), Der var engang(1922), Mikäel (1924, pertsona bik euren bizitzan zuten krisiari begirada lasaia eta sakona egin zion eta heriotzak krisi horri aurkitu zion irtenbidea erakutsi zuena), Du skal din ære hustru (1925) eta 1926an Glomdalsbruden grabatu zuen.


1928an, Frantzian ospe handia lortu zuen eta Société Genérale des Films elkarteak Juana de Arco heroi nazionalari buruzko film luze bat egiteko enkargua eman zion: La passion de Jeanne d'Arc, bere lehen klasikoa. Dreyerrek ez zien ez zehaztasun historikoei ez xehetasun bitxiei erreparatu. Horren ordez, Joanaren arimaren drama psikologikoari eta espirituaren garapenari jarri zien arreta. Ia osorik barneko irudiez osatua, makillajerik gabe eta argi naturalarekin, Dreyer-ek lehen planoari benetako erabilpen dramatikoa eman zion zuzendaria izan zen. Izan ere, hurbiltasun horren bidez biktimaren oinazea eta borreroen ankerkeria modu unkigarrian irudikatu baitzuen. Kritikariek txalotu arren, filmak porrot ekonomikoa izan zuen eta, horren ondorioz, Dreyer lanik egin gabe egon zen urte batzuk.

Bere hurrengo filma Vampyr - Der Traum des Allan Grey (1932) izan zen, baina publikoaren eta kritikaren porrota jaso zuen. Dreyerrek ez zuen pelikula gehiagorik egin 1943ra arte. 


Urte horretan, Vredens Dag (Dies Iræ) filmatu zuen, sorginkeria kondenatzen zuten hipokritei buruzko lana. Ondoren, aurrerantzean bereizgarri izango zuen estiloa finkatu zuen: konposizio landuak, zuri-beltzean eginiko fotografia latza eta hartualdi oso luzeak. Bi urteren ostean, Tvä människor egin zuen eta 1955ean Ordet errealizatu zuen, Kaj Munken antzezlan batean oinarrituta. Istorio horretan, maitasun harreman bat eta patuaren azterketa bat bateratu zituen, erritmo lasai baten bidez, ia muntatzerik gabe eszenen artean eta aktoreek enkoadrean sartu-irtenak eginda, antzerkian bezala. Pelikula honekin, zuzendari daniarrak urrezko lehoia irabazi zuen, 1955ean, Veneziako Nazioarteko Zinema Jaialdian. Bere azken lana Gertrud (1965) izan zen, egilearen nolabaiteko testamentu artistikoa. Bizitzan hainbat gorabehera izan arren, egindako hautuen aurrean inoiz damurik ez duen emakume bat erakusten du bertan.


(Iturria: web orria: http://www.hirutres.test.hezkuntza.net)

2259 SAIOA - 2016/11/8 

LA PASSION DE JEANNE D'ARC ∙ Frantzia ∙ 1928 ∙ 110 min. 

Zuz.: Carl Theodor Dreyer ∙ G.: Carl Theodor Dreyer, Joseph Delteil-en liburuan oinarrituta · Arg.: Rudolph Maté · Mnt.: Carl Theodor Dreyer · Eko.: Société Genérale des Films · Akt.: Maria Falconetti, Eugène Silvain, André Berley, Maurice Schutz, Antonin Artaud

bottom of page