Suntsitu dezagun kultura
Ondo dago. Suntsitu dezagun behingoz kultura. Azken batean, nori axola zaio milaka pertsonak ilaran egon daitezen Antonio Lopezen gaitasun bikaina miresteko. Gorde ditzagun bere koadroak biltegian, ez dezala inork erakutsi edo ikusi, inork ez dezala horietaz berba egin, ez dadila inor hunkitu irudimenetik eta gizakiaren eskuetatik sor daitekeen magia egiaztatzean. Ez diezaiogun utzi margolariari bere obratik bizitzen, hil dadila gosez edo bertan behera utz dezala margogintza, lorategi publikoetako lorezaintzan aritzeko.
Ez. Are hobea. Erre ditzagun bere koadroak, ez dute ezertarako balio eta gastu handia dakar beroriek mantentzeak. Are gehiago, Deuseztatu dezagun Sixtina Kapera, leher ditzagun Altamirako leizezuloak, hondakin grekoerromatarrak… Suntsitu dezagun kultura, puri-purian dauden hizkuntza gutxituak, musika eta zine jaialdiak. Beharrezkoak ez diren gastuak dira, azalekoak, egia da. Filmak egin, poesia, ipuinak idaztea bezain ez beharrezkoak. Zer esanik ez kontatzeari buruz… Utz diezaiogun abesteari. Erre ditzagun liburutegiak, argazki artxibategiak eta oporretako argazkiak. Utz diezaiogun argazkiak ateratzeari. Ez dezagun hitz egin ardoaz edo txakolinaz norberak gozatzen duenaz, pintxoekin eta lagunekin… gozatzen dugunaz. Gera gaitezen etxean, giltzapean gera gaitezen reality ezin arinagoak ikusten, egin dezagun lan 12 orduz egunean, jan dezagun arratoi-pozoia eta egin dezagun amets bizitzarekin. Ez dezagun irakurri, idatzi are gehiago, ez gaitezen mintzatu denbora galtzea da eta. Alfer alaenak! Suntsitu dezagun behingoz kultura, beste lehentasun batzuk daude. Aukera itzazue hilkutxak eta goza ezazue bitartean lobotomiaz.
P.D Ibsen irakurri eta Txikiren “Kutxa” ikusi ondoren idatzia.
Iratxe Fresneda I Kazetaria eta Ikus-entzunezko Komunikabideko irakaslea.