FICXixón 52º
FICXixón-52 (2014) - Cimadevillatik itsasora eta…mundura
Cimadevilla (Xixon) talaia leku ezin hobea dugu itsasoa eta, hortaz. mundu zinematografikoa ikusteko.
Zinemaldien ‘izan edo ez izan’ gogoeta betean: Huelva, Malaga, Sevilla, Valencia, Sitges, Donostia, Xixon, Valladolid, Las Palmas eta abar. Batzuk ‘haurtzaroan’, baten batzuk ‘nerabezaroan’ eta gainerakoak ‘helduaroan’. Denak KULTURA deiturikoaren ‘koktelera - erruleta’ barruan, gobernu zentralari yu-yu ematen diona (kultura garatzeak). Bestelako osagaiak gehitu beharko dira ‘koktelera’ horretan: ikusleak eta sormena (zinemagile eta programatzaileena). Modu horretara, San Lorenzo hondartzan lehorreratu ginen Xixon-go 52. urtebetetzean, (gure ustez) gaizki hartutako zinemaldi horren errebindikazioa egiten, aurrera ateratzeko ahalegin handiak egiten dituena. Zinema ausarta eta ‘aitzindaria’ (abangoardiakoa) eskaintzeko Nacho Carballo-k (zuzendaria) eta bere taldeak erakutsitako ilusioarekin bat egiten dugu, nahiz eta gero guztion gustukoa ez izan… hori beste kontu (pelikula) bat da.
A priori, jatetxe bateko menuetan bezala, katalogoko ataletan murgiltzen gara. Atal ofizialean, Luis Marías espainiarra eta Nima Javidi irandarra daude, edo Hong Sang-soo (Hego Korea) eta Kanu Behl (India), bai eta, Christophe Honoré (Frantzia) edo Panos H. Koutras (Grezia) ere. Bill Plymptom, Brillante Mendoza edo Terry Gilliam (merezimenduzko saria). Bederatzi atal eta atzera begirako emanaldi, agian, gehiegi samar (sakabanatu edo galdu ez egiteko, edo merkatuan nagusi den bazar-efektua izango ote da?). Atal ofiziala aukeratzen dugu batez ere (15 film + 2 lehiaketatik kanpo), jatorrizko herrialdetako leihoak irekitze aldera. Lau egunetan ezinezko baitugu leku guztietan egotea
Goazen bada ‘sagarren’ eta euren zukuaren… 2014ko dastapena egitera.
Atal ofiziala (lehiaketatik kanpo)
“Men, women & children / Gizonezkoak, emakumezkoak & haurrak” (USA / 2014 – 119’) Jason Reitman
A priori, abiatze interesgarria, oraindik berrogei urte bete gabeko Jason Reitman kanadarra dugu hemen. Gogoan dugu bere “Juno” lana zinemaldi honetan bertan (45º - 2007), oso zapore ona utzi ziguna. Berriz, bere seigarren film luze honekin ez da horrelakorik gertatu, filmak kritika sozialeko tonu gazi-gozoa mantentzen du ‘teknologia berrien’ ingurune barruan (agian bitxiena). Nerabeak, helduak, teknologia berriak eta nahaspilak. Une interesgarri edo entretenigarriren bat edo beste badu ere, eskuetatik ihes egiten zaio, harremanen espiral horrekin… eta ea nor nagusitzen den! Hala ere, erredundantea… ireki diren gai asko behar bezala ‘itxi’ gabe.uzten ditu, eta pixkanaka interesa hustu egin zaigu. Aktore-taldea desegituratu samar gelditzen da lan koral honetan. Beraz, asmo onak…
Atal ofiziala
“The cut” (Ale-Fr-It-Errus-Kan-Pol-Tur / 2014 – 138’) Fatih Akin
Ikusmin handiagoz joan ginen Fatih Akin turkiar-alemanaren azken lana ikustera (zinemaldi honetan ere aurkitu genuena 47º - 2009, honako lan hauekin: “Gegen die Wand (Hormaren kontra)” edo “Crossing the bridge: the sound of Istambul”). Halaber, “Auf der anderen Seite (Zeruaren ertzean edo -Al otro lado- gaztelaniaz)” pelikulak liluratu egin gintuen, “The cut” filmak, aldiz,sekulako dezepzioa eragin digu. Hasiera ederra du: 1915. urtean otomandarrek Armenian egindako genozidioa. Hortik aurrera, musika bikaina bai (Alexander Hacke), baina inbasioan harrapatutako alabak bilatzeko ‘bidaldia’ nekagarri egiten zaigu eta ez du indarrik. Herrialderik herrialde dabiltza, nora ezean eta itsuturik (eta tarteka ‘sinesgaitza’), epopeia kutsua eta ‘telesail’ tonua. Bai eta, urteak pasatu ahala, aktorearen (Tahar Rahim) karakterizazioa pobre gelditzen da ere. Bai lastima!
Rellumes (Hodeien atzetik agertu eta argitzeko borrokan diharduten eguzki-printzak)
“De toutes nos forces / Gure indar guztiak” (Frantzia / 2013 – 86’) Nils Tavernier
Aktore eta dokumentalista gisa gehiago aritu den Nils Tavernier (Bertrand-en semea) zinemagilearen bigarren metraje luzea. “Aurora” filmaren ondoren, istorio arrunt eta emotiboari filmatzeari ekin dio, hots, gazte desgaitu bat erronka baten aurrean, horretarako bere aita tartean sartuz (langabezian, baina suhiltzaile sartuta berriz). Estilo dokumentalistaz eginda, zeinetan, hitzen eta aktoreen antzeztearen aurrean, irudian jartzen duen indarra. Paisaia beste aktore bat bezala hartzen du, eta ‘aire’ epikoak darabiltza, helburu baten atzetik: “amore ez ematea” eta zoritxarraren aurka borrokatzea. Metrajeak aurrera egiten duen heinean, intentsitatea areagotu egiten da… agian hasierako sekuentziak eta off ahotsak arrasto gehiegi uzten dizkigute…
Espero zen amaiera emotiboa, baina estiratu samarra.
Atal ofiziala
“Xenía” (Grezia-Bel-Fr / 2014 – 128’) Panos H. Koutras
Ustekabe bikoitza, Grezia krisialdian, baina existitzen da! eta, ikusten denez, gaur egunera arte (emanaldiaren egunera arte), film honek aire ‘fresko eta dinamiko’ pixka bat dakarkigu. Aitaren bilaketa (Edipo errege -Sofokles) tratatzeko era (tragedia grekoan bezala). Bidean emigrazioa, ekonomiagatik ‘amiltzeko zorian dagoen’ herrialde batean. Road movie dugu ama hil ondorengo bilaketa hori, gertaera korapilatsuak eta sinestezinak. Xenofobia, homosexualitatea, farandula musikala. Ezin hobeto aritzen diren aktore berriak (Kostas Nikouli: Danny / Nikos Gelia: Oddy –Odysseas-), narrazio dinamikoa eta ondo armatutako gidoia. Amaierak Haneke dakarkigu gogora (“Funny games” -1997), baina ez…
Horretaz ari garela, Xenía hitzak hospitalitatea esan nahi du greko zaharrez, hau da, eskuzabaltasuna eta kortesia. Filmean erakutsitakoaren arabera, ironikoa dugu Panos H. Koutras, umore-ukituaz ‘sakonera-kargak’ (salaketak) botatzen dituena. Hauxe dugu bere laugarren filma, ‘aire freskoa’ ekarri duena.
Atal ofiziala
“White bird in a blizzard / Txori zuria haizetean” (USA-Fr / 2013 – 90’) Gregg Araki
Hasiera ona izan genuen jardunaldi berri horretan zinema grekoa tarteko, eta aurreko egunean bezala, Araki zuzendariaren azkenak ikusmin handia piztu zuen. izan ere, aurreko hamar film luzeek abala ematen zioten, aitzakiarik gabeko ekoizpena, primerakoa. Hala ere, nobelaren egilearekin (Laura Kasischke) batera egindako gidoiaren istorioak zerbait gehiago izango zelakoan geunden, baina gozamena… geratu ginen.
Shailene Woodley (sekulakoa), Eva Green eta Cristopher Meloni aktoreek aparteko antzezpena eskaintzen digute, horretara, bilbean ‘eroso’ zaramatzate (nolabaiteko suspensearekin) eta girotze musikal ederra du. Dena dela, une onirikoetan ‘irristatu’ egiten du… bai eta, ‘heldua’ izateko horrelako grinari dagokionez (S. Kubrick-en “Lolitaren” apunteak). Baina bat batean ‘erresoluzioa’…oi!!!
Bill Plympton
“Footprints / Oinatzak” (USA / 2014 – 4’) Bill Plympton
“Cheating’ / Iruzurra” (USA / 2013 – 76’) Bill Plympton
Iaz Jean-François Laguionie-rekin gertatu bezala, aurten Bill Plympton zuzendariaren txanda izan da, eta ezin izan diogu muzin egin hitzorduari. Saridun suertatu zen Fas zineklubaren 2005eko Zinebin, hortaz, jakin-min handiz abiatu ginen. Bai film laburrak, bai luzeak, faktura eta gai desberdinekoak, ez zuten hutsik egin. Plympton-en irudimenak gainezka egiten du, teknika eta bizitasuna darabiltza trazu bakoitzean, eta behin baino gehiagotan irribarrea eragiten digu.
Film laburrean, planetaren gaineko ‘aztarna ekologikoaz’… aritzen da. barnetik kanpora eta minimotik globalera. Bai sinpatikoa!
Film luzean, lehen begiradako amodioaz eta anbizioaz aritzen da, eta guztia okertzen denean, ahanzturaz. Irribarretik seriora… zaramatzaten aipamen andana bat, eta trazu jarraitua eta erotua (batzuetan). Bai ederra!
Erremate gisa, bere presentzia, kutsu komertziala bazuen ere… baina horretaz bizi behar du. Burutsu eta graziosoa, bai eta, argia ere. Bai bikaina!
Genero mutanteak
“Room 8 / 8. gela” (UK / 2013 – 7’) James W. Griffiths
“Cold in July / Hotza uztailean” (USA / 2014 – 109’) Jim Mickle
Ivan B. lagunaren iradokitakoari jarraiki, aldarte onean joan ginen filma ikustera..
Labur bitxia eta arrunta… ikusi beharra dago, azalgaitza da. Egia esan, ‘8 zk.ko ziegak’… eta jakin-minak gehi askatasun-grinak… nahasi egiten zaituzte.
Luzean girotze ederra (musika eta ingurunea)… dago. Thrillerra, suspensea, euria, izerdia… poliziak, hiltzaileak, ordainsari-bilatzaileak… mugaldeko lekua, ondo prestaturiko osagaiak. Sinesgarritasunezko aktoreak. Sam Shepard eta Don Johnson-ek sekulako antzezpena egiten dute.
Une batez, gidoiak koska bat estuago egiten du, eta gore (eta krudel) samar bilakatzen da. Pelikula askotan bezala, ongia eta gaizkia korapilatu egiten dira (Peckinpah, Tarantino, R. Rodriguez), eta helburuak on egiten ditu bitartekoak… (bai eta Charles Bronson ere… ez dakit, ez). Azken zatian iparra galtzen du. Ez dakit bada… Interesgarria da.
Rellumes
“Shemktkheveviti paemnebi / Blind dates / Itsu-itsuko hitzorduak” (Georgia / 2013 – 97’) Levan Koguashvili
Georgiako zinema erabat ezezaguna zen guretzat. Iparraldeko zinema, plano finkoa, hitz gutxi, beste kultura bat (agian zerbait utzi dugu aipatu gabe), Kaurismaki dugu erreferentziatzat. Umore-sen subliminala, izenburuarekin jolasean (hitzordu bateko neska itsua da). Poza bilatzeko beste modu bat, vodka ere tartean dago. Zinema minimalista, pertsonaia gurutzaturiko gidoi txukuna duelarik. Ez dago musikarik, zerua (Siniestro Total-en abestian bezala) beti goibela, hala eta guztiz ere, poza bilatu beharra dago. Baten batzuek aurkitu egiten dute.
Beraz, sorpresa atsegina. Ez suziriak botatzeko modukoa, baina gustura ikus daiteke. Beharbada itxaropen handirik gabe joan ginelako. Jardunaldiaren ixtea…
Atal ofiziala
“Party girl (Mil noches, una boda, gaztelaniaz)” (Frantzia / 2014 – 97’) Marie Amachoukeli-Claire Burger-Samuel Theis
Nils Tavernier-en pelikulan gertatu bezala, zalantzazko generoa: fikzio/dokumentala …hortxe dago koska. Dena dela, zein ‘generotakoa’ den baino haratago, samurtasunez beteriko filma izan dugu gure aurrean, agian akats asko ditu, aktoreek haien buruaren papera egiten dute, gidoia josi gabe dago erabat. Prestaketa-sarrera ona aurkezten badu ere, gero azkar abiatzen da bukaerara. Baliteke, ‘no man’s land’ izeneko toki hori bizitza bera izatea, inoiz ere ez zarela bertakoa izaten eta beti iragaitzez zaudela (Alsazia-Lorena kasu honetan), horri zera gehitzen zaio: zeure bizitza kabareta da. Ez dauka Bonello-ren “L’Apollonide…” filmaren ukitu poetikoa, bai, ordea, errealitate gordina, alkohola eta ezegonkortasuna. Film ausarta eta ekoizpen ‘primarioa’.
Rellumes
“I’m Beso” (Georgia / 2014 – 90’) Lasha Tskvitinidze
Berriro Georgian, baina landa-eremu sakonean eta nerabe-ikuspegia. Bizitza-baldintza gogorrak. Alkohola (berriz), orientazio sexuala, haur-krudeltasuna, biziraupena lehen mailan. Familia (familia ez dena, baina bai dena), sumatzen ez den maitasuna. Sakonean, dagoeneko pasatutako inperio sobietarra, abandonatua (plaza, antzerki-aretoa,…). Baina hemen ez da ezer gertatzen (denbora aurrera besterik ez)… telebista zaharkitu bat, sakonean irratia entzuten da… mundu honetakoak badira ere, beste mundu batean daude. Georgiako lehengoko filmean bezala, irudiaren ahalmena ikaragarria da. Plano luzeak… hitzik gabekoak, itxaropen gabezia adieraziz. Araki edo Reitman-en bestelako zinemaren antipodetan gaude, ‘ibilbide horretan’ kokatzearren. Aire ‘fresko’ zinematografiko suntsitzailea.
Atal ofiziala
“Chce sye zyc / Life feels good / Bizitzak ondo sentiarazten du” (Polonia / 2013 – 107’) Maciej Pierpzyca
Kasualitatea edo gaur egungo zinemaren gogo bizia ote da, dokumentala izan beharrean, errealista izatea? Egiazko egitate bat kontatzeko lerro mehea gaindituz, aktoreen bitartez artifizial bihurtuz, antzerki forma emanez. Hobetze-senaren bila ibili eta aktore handi batekin egiten dugu topo, Dawid Ogrodnick-ekin (Mateusz), azkenean ‘aktore hobearen’ saria jaso egin zuena. Garun-paralisiaz jaiotako haur baten papera betetzen du (gaur egun bizirik dagoena, eta kredituetan fisikoki agertzen dena), bai eta, bizitzari eusteko… eta berba egin ahal izateko daraman borroka ere. Indar handiko istorioa (mukizapiak atera), eta errealismoa Poloniako 80ko hamarkadan. Hala ere, arestian aipatu bezala, bi antzezlekuko ‘antzerki’ bilakatzen da, alegia, bere etxea eta ospitalea. Halaber, adorea, hortxe soilik kointziditzen du N. Tavernier-en filmarekin (kanpokoa), oraingoan barnekoa, zeinetan aktoreek funtsezko papera betetzen duten. Fedea eta erronkak beste ikuspuntu batetik.
2014ko beste kointzidentzia bat: ez-dokumentala (dokumentala) eta gaitasun eza.
AnimaFICX
“Acoustic Kitty” (Frantzia / 2014 – 12’) Ron Dyens-Mathieu Gaillard
“Giovanni’s Island / Giovanniren uhartea” (Japonia / 2014 – 102’) Mizuho Nishikubo
Kasualitatez ere, aire zinematografikoa arnastearren, AnimaFICX atalean lehorreratu ginen, nire ustez, hauxe dugu atalik indartsuenetako eta esanguratsuenetako bat. Metraje labur eta luze bana.
Laburra: txiste bat bezala funtzionatzen du. CIA-ren Acoustic Kitty operazioan oinarriturik, mezuak bidean antzemateko katu ‘espía’ erabiliz. Bitxia eta irribarrea eragiten duena.
Luze japoniarra: ‘anime’ tipikoa, marrazki maitagarria eta istorio bakezalea, flashback moduan eginda: 1945eko udan, gerratea da mundu osoan zehar, eta Shikotan uharte txikiko biztanleak borroketatik at bizi dira, hala ere, errusiarren etorrerak errealitate odoltsuarekin topo egitera behartzen ditu. Animaziozko film honetan, mutiko japoniar batek eta neskato errusiar batek aurre egiten diete hizkuntzaren hesiei eta historiaren zauriei, ekintza errealetan oinarriturik. Gutxienez, maitekorra eta didaktikoa.
Brillante Mendoza
“Foster child” (Filipinak / 2007 – 98’) Brillante Mendoza
Brillante Mendoza izan genuen jardunaldiaren azken gingatzat. Azken lanak ikusitakoan (liluratu egin gaituztenak), ‘retroren’ txanda datorkigu. Oraingo “Zaintzapeko umea” pelikulak miretsi egin gaitu, batez ere freskura narratiboa. Agian ‘kamera eskutan’ filmatzeak enbarazu egin dezake, baina Manila hiriak holako jokaera eskatzen du, eta horixe da Mendozaren ‘sinadura’, bere pertsonaien espirituan barneratzeko, hau da, harira zuzenean. Xixon-52º zinemaldiak, kointzidentzia bailitzan, dokumental eta ez-dokumentalaren arteko ibilbidea egiten du. Brillante-k horrelako idazkera darabil, eta errealitate-mota bat aurkezten digu (lehenbiziko mundura moldaturiko hirugarren munduko umeak), Thelma-ren atzetik (Cherry Pie Picache, perfektua) eguneko 24 orduetan zehar… pozak eta saminak. Bi munduren ikuspegia.
Aurrekari bat dago, hots, “Foster child” -1987, Gil Cardinal kanadarraren dokumentala, familia biologikoaren bila ibiliz. Baina izenburuaren kointzidentzia hutsa besterik ez da.
Jardunaldia ixteko modu ederra.
Atal ofiziala
“Métamorphoses” (Frantzia / 2014 – 102’) Christophe Honoré
Agur-usaina duen goizeko saioa (Tarkowski dugu zain). Christophe Honoré dago ‘arrankean’, beharbada zinemaldiko dezepziorik handiena. Atzean gelditzen dira “Ma mère” -2004 (gogorra eta ausarta, Xixon 2004ko edizioan ikusitakoa), “La belle personne” -2008 edo “Les chansons d’amour” -2007. Gauza bat geratzen zaigu garbi, Honoré ‘beraren zineman’ kokatzen da, eta neurri batean, ‘gogobetetze pertsonalaren’ bila dabil.“Metamorfosia” film handinahiak jainko-multzo erromatarren inguruko pasealdia erakusten digu, Ovidioren poemaren gaineko bertsio askea (munduaren kreazioari buruzko 15 liburu). Lehen minutu nahasgarritik abiatuta, ‘artzain-errealitate’ moduko baten bidez, jainkorik jainko garamatza, eguneratuak badira ere. Ezbairik gabe, Honoré ‘edertasunaren’ bila dabil (‘mundu nazkagarri honetan merezi duen gauza bakarra’ R. Trecet-ek zioen moduan), eta hortik ez da ateratzen. Elkarrizketa ’intelektual’ bero-beroak… lagungarriko behi bat, Citroën “dos caballos” bat errepidean, bainatzea ibaian, mozkorraldi zerutarra, une bateko dantzaldia (ikusgarria)…
Hortaz, basamortuko hondarra harrapatzen saiatuz gero, atzamarren artean ihes egiten zaigu… eta esku-barruan apenas hondar-ale batzuk geratzen direnean, horrelaxe gelditzen zara C. Honoré-ren filma amaitu bezain laster. C’est fini!
Convergencias (elkarguneak)
“Respire” (Frantzia / 2014 – 91’) Mélanie Laurent
Amaiera gisa, Convergencias izeneko atala estreinatzen dugu (egitaraua, elkartzea eta eztabaida kritikaren ingurunean). Esther Miguel Trula-K egindako proposamena –Bideodromoa- oso itxura onekoa da, pertsonaien aurkezpena egiten du thriller moduan (… beti zerbait ezezaguna dago). Pertsonaien beraien alderdi ezezagunen eta barnealdearen bilaketa (nerabe femeninoak) dugu filmaren leit motive-a. Emakume aktoreek ‘iaiotasun handia’ azaleratzen dute (frantses zinemaren harrobi handia), eta istorioaren euskarria dira, apur-apurka gainbehera egiten duena… aldi berean, Charlie-k (Joséphine Japy, 20 urte), filmaren protagonista,.erregistroa aldatzen du…
‘Haren laguna’ Sarah-k (Lou de Laâge, 24 urte) sekulako kontrapuntua egiten dio, batera onaren eta txarraren papera egitean.
Filmatutako bigarren pelikula honetan, Mélanie Laurent zuzendariak (frantses aktore famatua) onartu egien du drama psikologikoaren erronka, baina nahiz eta azken zatian pelikula amatatuz joan, proba gainditzen du. hemendik aurrera arrastoa jarraitu beharko zaio.