HANDIA

HANDIA

KORTeN! saria

Doan saioa -Fasen lagunak-

Ikusle garen aldetik, errezelo handiak sortzen dira Handia ikusi aurretik, Moriartik lortu duen maila poetiko eta zinematografiko horren handiagatik. Moriarti kolektiboak hainbat altxor utzi dizkigu bidean: 80 egunean (Jon/Josemari -2010), Urrezko eraztuna (Jon -2011), Zarautzen erosi zuen (Aitor -2014) eta Loreak (Jon/Josemari -2014). Baina, behin butakan eseri eta zinema-aretoa ilun geratu ondoren, azukre-koxkor bat bezala desagertzen dira hasierako errezelo guztiak. Aho zabalik utziko gaituzte filmaren musika eta irudi itzelek. Gainera, gauza bera gertatuko zaigu filmean entzungo dugun landa-inguruneko XIX. mendeko euskararekin ere.

Errezelo handiak izan genituen egitarauan sartzeko ere, izan duen arrakasta ikusita, baina pantaila barruan zein kanpoan bi pertsonai horiek (Martin eta Migel Joakin Eleizegi –Joseba Usabiaga eta Eneko Sagardoy–) duten magiak harrapatu gintuen, eta azkeneko bultzadatxoa bakarrik falta zen (Aitor eta Jon, baietz!).

Eta filmari erreparatuz, XIX. mendeko baserrira goaz (soziologia) eta, gerra guztiek bezala, gizartea zatitu zuen gerra karlistara (historia); eta, horrekin guztiarekin, ‘erraldoiei’ buruzko zurrumurru bat. Osagai horiek osatzen dute film bikain hori; eta bikaina ez teknikoki bakarrik, nahiz eta hori aipatu izan den gehienbat, bikaina aktoreen lana ere, poztu zein hunkitu egingo gaituena. Lan aparta Ramon Agirrerena…

Dagoeneko ikusi baduzu ere, berriro ikusteak beti ekarriko dizkizu xehetasun berriak, eta ez zara damutuko.

2018/12/18 · Handia (Aundiya) - Euskal Herria - 2017 - 114 min. - Zuz Aitor Arregi -- Jon Garaño - G Aitor Arregi, Andoni de Carlos, Jon Garaño, José Mari Goenaga · Arg Javier Aguirre · Eko Irusoin / Kowalski Films / Moriarti Produkzioak - M Pascal Gaigne - Akt Joseba Usabiaga, Eneko Sagardoy, Ramón Agirre, Iñigo Aranburu, Aia Kruse, Iñigo Azpitarte