SARABAND

SARABAND

1973an, Bergmanek film bat grabatu zuen, 'Ezkontz eszenak' izenekoa. Gizon-emakumeen arteko elkarrizketak dira; ezkontza harremana krisian dute, eta laster bereiziko dira. Gure aretoetan estreinatu zutenean, bikote harremanen bestelako ikuspegi bat ekarri zuen: hemen ez baitzen existitzen dibortzioarena, eta, harremanen bat hausten bazen, alkoholismoa zela medio hautsiko zen, edo, bestela, tratu txarrengatik edo adulterioagatik.

Sarabanden, bikote hura berriz elkartzen da 30 urteren buruan. Filmak ez du kontatzen Johanen eta Marianneren harremana bakarrik; beste pertsonaia batzuk ere azaltzen dira, hala nola Johanen semea eta haren alaba. Modu soil, zuzen eta zintzoan, elkarren arteko harreman konplexuak eta sentimendu nahasiak erakusten dira.

Hamar atal ditu kontakizunak, eta haietan bi-bitara agertuko dira pertsonaiak. Bergmanen obsesioak azaltzen joango dira: erlijioa, zorroztasun luteranoa, emakumearenganako lilura, inkomunikazioa, bikote maitasuna, gurasoen eta seme-alaben arteko harremana, heriotzaren hurbiltasuna, bakardadea...

Lehen plano asko ikusten dira, eta interpretazioak bikainak dira. Atzetik, Bachen musika, Brahmsena eta Brucknerrena entzun daitezke, baita isiltasuna ere.

2018/10/02 · Saraband - Suecia - 2003 - 107 min - Zuz Ingmar Bergman - G Ingmar Bergman · Arg Stefan Eriksson, Jesper Holmström, Per-Olof Lantto, Sofi Stridh, Raymond Wemmenlöv · Eko Sveriges Television - M Herbert Blomstedt (dtor), Åsa Forsberg / Torleif Thedeen (cello) - Akt Liv Ullmann, Erland Josephson, Börje Ahlstedt, Julia Dufvenius