Claireren kamera / La cámara de Claire filmari buruz

 

Orain dela aste batzuk, Hong Sang-soo hegokorear zuzendari emankorraren beste film bat ikusteko aukera izan nuen funtsezko zineklub honetan. Haren aurreko lanak —Orain bai, lehen ez bitxia eta hunkigarria— asko poztu eta harritu ninduen, eta artikulu bat idazteko gaia ere eman zidan —Carol, el próximo beso seráen los labios—; bertan, kritika ez batere osasungarria egiten nuen, bestalde, Carol film kaxkar baina —batek daki zergatik— arrakastatsu hartaz; nork du gogoan gaur egun Todd Haynesen lan txikitxo hori?, zeinak Hong Sang-sooren film ederra eta merituzko baina aitorpen gabearen kontrapuntuan baitzen.

 

Hala, handik bi urtera, hilabete bat gora, hilabete bat behera, zineklubera etorri nintzen, zertara eta Claireren kamera ikustera edo, hobeto esan, berriz ikustera (gero azalduko dut zergatik); lan txiki zoragarria (69 minututxo), baina ezer ere falta ez duena Hong Sang-sooren film bikain horietako beste bat izateko. FASen emandako proiekzioa bertsio original bikain bat izan zen, azpidatziekin, eta horrek haren ezaugarri bikainak handitu baino ez zituen egin.

 

Horregatik nioen lehen "berriz ikustearena", zeren eta lehendik ikusia bainuen Claireren kamera, zoritxarrez ahots bikoiztuarekin (gaztelaniaz), eta herri jakintzara jo behar izan nuen adierazteko bi bertsioen artean zegoen aldea Jainkoa eta ijitoa konparatzea bezalakoa dela, barkamena eskatuz munduan diren eta izango diren ijito guztiei; izan ere, bista-bistakoa da, Pernandoren egia; bai, esku itxiari "ukabil" esaten zion jakintsu harena bezalakoa. Horregatik bakarrik, zineklubak lagun ezinbestekoa izan behar luke, eta astero elkartu behar genuke harekin, aitzakiarik gabe. Bai, astearteetan, zortziak laurden gutxiagoan, memoria gutxikoren bat baldin bada hor barrena erlojurik eta sakelakorik gabe...

 

Baina gatozen harira, edo adierazi nahi dudan horretara, ziurtatzeagatik nolako egile zorrotza den film guztietan Hong Sang-soo: Orain bai, lehen ez filmean, protagonista, gazte margolari bat da, eta margolari horrek harreman berezi bat izango du bere ametsetako hirira etorri den zinema zuzendari batekin, non haren pelikula bat emango baitute; hala, gaueko paseoa ematen ari dela, bere masaila leun ukitu ondoren, zera esango dio, hurrengo musua ezpainetan izango da, eta horrela agurtzen du, zuzendaria seko harrituta gelditzen delarik. Claireren kamera filmean, berriz, handik bi urtera, Hong Sang-sooren kamerako motorra (eta horrenbestez Clairerena, Isabelle Huppert zoragarri eta hauskor batekin) martxan jarri zen beste behin ezpainetan beste gazte maitagarri batek emandako musuarekin (musua eta zertxobait gehiago); banatzaile zinematografiko bateko langileak beste zuzendari bati emango dio, helduagoa bera eta edanari emana.

 

Bai, zeren eta musu honekin, ezpainetan oraingoan, ez Hong Sang-sook eta ez Clairek erakusten ez badigute ere, funtzioa hasi egingo da. Eta guk, ikusleok, Hong Sang-sooren eta Claireren eskutik (edo kameratik), haren ondorioak ikusiko ditugu. Ez dugu ordena kronologikoan ikusten (beharrik ere ez!), baina gazte banatzailearen, nagusiaren, zinema zuzendariaren eta, batez ere, argazkiaren —IsabelleHupperten ezaugarri fisikoekin (filmean Claire delarik)— gorabeherak eta azken-aurreko sekuentzia hunkigarrian, zer kontatuko guri eta haren lagun gazteari bere bikotekidea hil berria dela gaitz penagarri batek jota, eta bera ere bizia kentzen saiatu dela; horrela ulertarazten eta sentiarazten digu momentuan nolako desorientazioa eta babesgabetasuna dagoen film osoan, Cannes gris, bakarti eta triste bateko kale politetatik (zalantzarik gabe Claire eriondoan dagoenez, ekialdekoenganako errespeturik handienarekin, Hong Sang-sook ezin digu beste era batera erakutsi).

 

Baina filma, gainerakoan, eta zinemazale amorratuentzat, ez da bazterrera lagatzekoa. Titulutik beretik hasita, Claireren kamera, nola ez gara gogoratuko Claire Rohmerrez eta haren belaunaz? Eta Hong Sang-sooren filmak Rohmerren usaina du bazter guztietatik, eta hori beti da eskertzekoa. Zulawskiri egindako keinuak ere topa ditzakegu: asko gustatu zitzaigun film mitiko bat, Garrantzitsuena maitatzea esaten geniona (titulu gogoangarria, ezta Hong?): banatzaile gaztea, minetan dagoena zinema zuzendariarekin duen harremana zertara erori den ikusita, Claireren kamerara itzultzen da, eta Zulawski filmean Romy Schneiderrek Fabio Testiri bezala, begiak malkoz beteak dituela, mesedez eskatzen dio “ez, ez” egiteko argazkirik...

 

Nahiz eta argazkiak diren, azken batean, filmeko gatz eta piperra. Zalantzarik gabe, Clairerik gabe, eta emakume haiek gabe, Hong Sang-soo ez zen esistituko. Eta gutako asko penatan egongo ginen oraindik.

 



Toni Garzón Abad
Cineclub FASeko bazkidea, harrotasun handiz